WIKIPEDIA IKASGELAN LANTZEKO IRAKASLEEN GIDA PRAKTIKOA AURKEZTU DU IKASTOLEN ELKARTEAK

WIKIPEDIA IKASGELAN LANTZEKO IRAKASLEEN GIDA PRAKTIKOA AURKEZTU DU IKASTOLEN ELKARTEAK

Wikipedia ikasleekin ikasgelan lantzeko irakasleentzako lagungarri izango den gida praktikoa egin du Ikastolen Elkarteak, Euskal Wikilariak Kultura Elkartearekin elkarlanean, eta asteburu honetan Donostian egiten ari den ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentziaren barruan aurkeztu dute gaur, Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak eta Ander Iturburu gidaren egileak.

Aurkezpenean Sukiak azaldu duenez, Wikipedian sarrerak eginez, “aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du”.

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak gaineratu duenez, beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, “gure hizkuntzari ere ekarpena egiten diogu, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera ere ematen digu”. “Azken batean, proiektu honen bitartez, gure ikasleekiko, euskararekiko eta gizartearekiko ditugun konpromisoak berresten ditugu”, laburbildu du Sukiak.

Wikipediarekin ikastolek hartutako lehenbiziko konpromisoa izan da gida praktiko hau egitea, baina hurrengo hilabeteetarako beste konpromiso batzuk  ere azaldu ditu Sukiak, gaur, Tabakaleran egin duten aurkezpenean.

  • Lehenbiziko konpromisoa da ikastoletatik alor desberdinetan ekoizpenak egingo dituztela Wikipedian nahiz Txikipedian.
  • Hartu duten bigarren konpromisoa da, heldu den ikasturtean Batxilerrerako unitate bat prestatzea, adin horretako ikasleak Wikipedia eta Txikipedia elikatzen joan daitezen.
  • Ekain honetan, berriz, pilotaje bat martxan jarriko dute ikastola batean, Lazkaoko San Beniton, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, Wikipediaren ezagutzan sakontzeko eta nahi duten ikasleek Txikipedian sarrerak egiteko.
  • Azkenik, hori guztiori aurrera eramateko, ikastoletako irakasleak ere prestatuko dituzte berariazko formazio saioen bitartez.

Gidaren azalpena

Ikastolen Elkarteak landu duen gida praktiko honen helburua da ikasgele¬tan bere ikasleekin Wikipediaren edizioa landu nahi duten irakasleei lanean hasteko laguntza ematea eta proposamenak egitea. Ander Iturburuk eman ditu gidaren xehetasunak.

Wikipedian editore moduan aritzeak esparru asko eta askotarikoak lantzen ditu:

  • Pentsamendu kritikoa eta ikertzeko trebetasunak
  • Idazteko trebetasunak
  • Lankidetza
  • IKT konpetentziak

Wikipedian edizio-lanetan hasteko, batxilergoko ikasleak dira egokienak. Izan ere, ikasle horiek IKT konpetentzia nahikoa garatuta dute eskatzen zaiena egin ahal izateko.Beste hizkuntza batean idatzitako testuak ulertzeko gaitasuna dute eta gai dira, halaber, testu horiek euskarara itzultzen saiatzeko edo hutsetik testu bat euskaraz sortzeko.

Baina Txikipedia ere badugu. Txikipedia 8-13 urte bitarteko umeentzat sortutako euskal entziklopedia da. Sortu berria denez, asko dago egiteko, osatzeko eta moldatzeko. Txikipediaren garapenean, batxilergoko ikasleak ez ezik, DBHkoak ere inplika ditzakegu.

Hori dela eta, ikastetxe barruan ere, proiektu honek hainbat arlotako irakasleen inplikazioa beharko luke.

  • IKT dinamizatzaileak atal teknikoan lagundu beharko luke: tresnaren beraren erabilera, artikuluen jarraipena egiteko tresnen erabilera (adibidez,Arbela) edo askotariko baliabide eta edukiak sortzeko tresna informatiko egokien erabilera.
  • Aukeratzen den artikuluaren gaiaren arabera, dagokion arloko irakasleak idazten denaren kalitatea aztertu beharko luke, eta, era berean,iturrien fidagarritasunaren jarraipena eta lanketa egin.
  • Euskara arloko irakasleak idazten dena¬ren hizkuntza-kalitatearen eta estiloaren jarraipena egin beharko luke.
  • Ingelesez,gaztelaniaz edo frantsesez idatzitako artikuluen itzulpen-lanak egiten direnean, hizkuntza horien irakasleek ere itzulpenaren kalitatearen jarraipena egin lezakete.
  • Horren arabera, hainbat arlotako irakasleek esku har dezakete gida honetan azaltzen diren atalen lanketan.

 

Bestalde, ordu gutxiko esperientzia xume batera mugatu daiteke, eta jarraipena norberaren zaletasunaren esku utzi; edota arlo arteko proiektu esanguratsu moduan landu daiteke.

Proiektua garatzean ikasleek landuko dituzten gaitasunez gain, zaletasuna piztea eta etorkizuneko Wikipediako editore aktiboen kopurua handitzea ere bada egitasmo honen helburua.