USURBILGO UDARREGI IKASTOLA, Euskal Herri osoan zehar, herrietan txertatuak gauden 111 ikastolatako bat gara. Gure hezkuntza komunitatea, irakasleek, ikasleek eta familiek (gehienak bazkide direnak) osatzen dugu.
Eskaintza integrala dugu; 0 urtetik hasita, DBH 4.mailara arte (16 urteko ikasleak).
Hezkuntza eredu propioa dugu eta etengabe lanean jarduten dugu hobekuntzan.
Pedagogia aurreratu eta aurrerakoia dugu; euskal curriculuma dugu ardatz eta oinarri. Hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu, eleaniztasun sendoz, eta Informazio eta Komunikazio Teknologiaren erabilera arduratsuari garrantzia ematen diogu.
Ikastola bizia da gurea; ikasleek beren ezagupen, trebetasun eta konpetentziak garatzen laguntzea hezkuntza- xede duena. Eta, bizitzan zehar aurkituko dituzten egoera konplexuei irtenbide egokiak eman eta jendartearen erronka anitzei, beren garapen intelektual, fisiko, sentikor eta etikoaz, erantzukizunez eta arrakastaz ekin diezaieten, helburu duguna.