Skip to main content

HAUR HEZKUNTZA

 

                       

 

HAUR HEZKUNTZAREN XEDEA: HAURRAREN ONGIZATEA BERMATZEA

Haur hezkuntza hartzen dugu haurra eta pertsona gisa garatzeko gakotzat. 0-6 urte bitartean errotzen dira pertsonaren oinarriak.

Garai honetan gertatzen denak berebiziko garrantzia du pertsonaren garapenaren norabidean.

Ongizatea lortuko dugu, haurrak dituen gaitasunak garatzeko aukera egokiak ematen baditugu.

 

OINARRI PEDAGOGIKOAK

  • Haurraren erritmo biologikoa nahiz intelektuala errespetatzea.  
  • Haurraren sormena eta ekimena bultzatzea baldintza egokiak emanez.
  • Autonomiaren sustapena.
  • Haur bakoitzaren gaitasunak eta izaera sustatzea.
  • Erabakitzeko gaitasuna.

 

HAURRA BERA DA BERE IKASTE PROZESUAREN PROTAGONISTA

  • Bizirauteko gaitasun guztiak dakartzan pertsona da. Gaitasun hauek berezkoak dira, ez dira ikasi behar, ez dira irakasten, garatu egiten dira modu batera edo bestera, eskainiko diogun testuinguruaren arabera.
  • Haur bakoitza bakarra da, bere nahi, behar eta erritmo propioekin.

 

IKASTE PROZESUA. ESPERIMENTAZIOA ETA JOLASA.

  • Jaiotzarekin hasten den prozesua da eta bizitzarekin batera doa.
  • Haur bakoitzak norbere erritmoa du, propioa eta bakarra eta pentsatzen dugun baino geldoagoa da. Ez da ikasten hobeto lehenago ikasteagatik. Ikastea ez da karrera bat. Ez du bukaerarik.
  • Ikasketa esanguratsu eta iraunkorrena, iniziatiba propio batetik eta barne motibaziotik sortzen dena da. Haurrak bere kabuz egiten duena. 
  • Ikasketa prozesua bakoitzaren barrutik hasten da. Norberak “bakarrik” egin dezakeen prozesua da, inguruarekin interakzioaren bitartez norberaren eraldaketa, haztea, barne garapena suposatzen bait du.

Horretarako heldu baten beharra izango du.

  • Etengabeko erabaki hartze bat da. Hori bai, ondorioak onartu behar dira. Errorea, ikasteko beste aukera berri bat bezala ulertzen dugu.
  • Haurrak jolastuz ikasten du. Ez daki beste modu batera egiten. Bere burua eta inguratzen dion mundua ezagutzeko eta barneratzeko duen lehenengo ikaskuntza-tresna da.
  • Esperimentazioa eta manipulazioaren bitartez ikasten du, objektuak manipulatzeko beharra du.  Objektuen artean loturak eginez ikasten du. Haurrak egiten, bizitzen eta esperimentatzen duen horrek zentzua du berarentzat, esanguratsua da.
  • Zentzumen guztiek parte hartzen duten jarduera konkretuen bitartez garatzen da.

 

HELDUA BIDE LAGUN                                                              

Haurrari konfiantza eta segurtasunezko testuingurua eskainiko dio

 

  • Haurraren garapen prozesuan ondoan egonez, ibilbidea erraztuz.
  • Bere gaitasunak identifikatu eta baloratuz. Haurraren berezko garapen ahalmenean konfiantza izan behar dugu.
  • Zailtasunak hauteman eta hauek kudeatzen lagunduz.
  • Bere beharrei sentikortasunez erantzunez.

 

ESPAZIOA ETA MATERIALEN ANTOLAKETA

Haurra espazioan garatzen da eta espazio horrek eragina dauka bere garapenean. Espazio hauek gure proiektuaren oinarriei erantzuten die, hau da, haurren behar eta erritmo desberdinei, haur bakoitzaren izaera eta gaitasunei. Eta autonomia, erabakitzeko gaitasuna eta sormena eta ekimena bultzatzeko prestatzen dira.

  • Espazio zabalak eta irekiak. Espazio txikietan, mikro-espazioetan, banatuta daude. Prestatuak, ondo identifikatuak eta umeen arteko elkarrekintza bultzatzen dute.
  • Kanpo espazioak, barne espazioek bezainbestesteko potentzialtasuna du eta haurren benetako beharrei erantzun behar die.

              

Materialak: ukitu, entzun, ikusi, dastatu...zentzumen guztiak erabiltzen ditu haurrak mundua ezagutzeko. 

  • Aniztasuna materialetan, zentzumen guztiak lantzeko.
  • Irekiak, malguak, errealak, erabilera anitzak dituztenak. Naturalak.
  • Ordenatuak eta beraien eskura.

         

DENBORAREN KUDEAKETA

EGOKITZAPEN/ETXEKOTZE PROZESUA. EGUNAREN ANTOLAKETA:

  • Harrera: Momentu hau oso garrantzitsua da.  Lasai eta goxo egiteko prestatzen dugu harrera txokoa irakasleok. Haurrari jolasten hasteko behar duen denbora eskaini behar zaio. Honela, denbora tarte hau malgua behar duela izan ulertzen dugu.
  • Jolas librea: Haurrak berak nahi duen txokora joan ahal izango da jolastera. Beste geletara joan daitezke, adin ezberdinen arteko elkarrekintza sustatuz.
  • Erreferentziazko talderako denbora: taldeko jarduerak egiteko denbora izango da (talde dinamika sendotu, elkarrizketak bideratu, jarduera zehatzak, etab…).
  • Elikadura eta atsedenerako denbora

 

FAMILIAK ETA KOMUNITATEA  

Familia eta eskola elkarren beharra duten eta osagarri diren bi testuinguru ezberdin dira. Haurraren ongizatea badugu helburu, familiekin elkarlana ezinbestekoa dugu. Funtsezkoa da elkarrekiko konfiantza eta onarpeneko harremanak ezartzea familien eta ikastolaren artean. Horretarako, proposamenak, ekintzak eta denborak eskaintzen ditugu. Familiekin bezalaxe, herria eta herriko jendearekin harremana ere ezinbestekotzat jotzen dugu, herriko parte garen heinean. Honen isla dira ikastolan herrira begira antolatzen ditugun ekimen guztiak: ospakizunak, bisitak, irteerak…etab.